XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orain bi poesion izenburuak berak ere aski esanahitsuak iruditzen zaizkigu: Lenengo txokoa zuen aurrenak; eta Sinismen garbi xit signifikatiboa bigarrenak.

Orixe ia ez da mutiko jesuita sartu berria, amonagandiko sinesmen sinple eta errazekoa, bere meditazioan Uitziarrekin Pange lingua eta Lauda Sion kantari ibil zitekeena.

Larritzen hasia da haren fedea. Lainotzen. Filosofiaren estudioan hasia dugu apika.

Oharrok eginik, ez daukagu zer gehiago luzatu, bi poesiok azaltzen diguten Orixeren arimako desarroiloaz.

Azter bezate hori xehekiago, Orixe mistiko gisa argituko digutenek.

Poesia aldetik, ordea, zertxobait.

Orixek bi poesia arras ezberdin kasik berdin egin dizkigu, ia elementu berberekin, forma berarekin.

Orixeren ezagugarri bat da errekurtsoen ekonomia zur klasikoa.

Bestalde, pars pro toto, Orixek ez du anekdotatxo batzu jaulki besterik egiten gertalditxo nahiko hutsalak, itxuraz.

Orixek, benetan, itxurarik ez zuen maite.

Ez zegokion teatralismorik, tremendismorik.

Barnean, ordea, poesiok, pusketaka eta soil-soilduta agiri dutenez, prozeso zabal eta sakon bat izkuta-erakusten digute.

Burura dezagun, arkeologo batek, antzina-antzinako hiriren baten bila, lurpean zula eta zula, hiriaren ordez haren plano arrunt bat aurkitzen duela harri-zapal batetan erdi marrazturik.

Horixe utzi digu Orixek. Puntuak, prozeso batetan.

Horregatik, poesiok poemako guztiok ez dira beren baitan hertsiak, osoak; jarraipena eskatzen dute.

Bi poesiok beren hasera deseginez bezala bukatzen dira, biak berdin, asentu eta zimendurik ez bait dute beren baitan: Lenengo txokoa, Santa Rosako basoan hasi eta Uitziko Elizan, Santa Rosan dagoenik ahantzita; Sinismen garbi, naturaren gozamenez hasi eta Kartusi Elizan buka, sinismen legorrez.

Poesiotan zinez inportanteago da isiltzen dena, esaten denik baino.

Irakurleari imajina puskatu baten zati ezberdinak irudi dakizkioke.

Neri, mugimendua pintatzeko entseio futurista hura gogara arazten didate.

Poesia modernu gehienaren kezka bat, zinema sortuz gero.

Harritzen nauena, formaren arintasuna da: bertsorik itxuraz sinpleenean, anekdotatxo banal batzuren azpian, sakontasun hondogabea; arimaren purifikazio historia zail eta luzea... (...).